|
Une Nare Eza, edo bestela
esanda, momentu trankil edo lasaien falta. Hori da UNE akronimoak
ezkutatzen duen mezua; momentu lasaien aldarrikapena burutzen dute UNE
taldekoek. Izan ere, gaur egungo gizartean presaka bizi gara uneoro eta
norberarentzako tarteak oso urriak izaten dira. Ideia hori iradoki
nahi du baita ere diskoaren azalean ageri den untxitxo zuriak. Gure
gaurkotasunari falta zaion baretasun edo lasaitasuna, alegia.
Baina goazen harira. UNE
2004.urtean sortu zen. Sasoi hartan Apnea, Bulldozer, Zurkaitz edo Soda
bezalako talde bizkaitarretan aritutakoak ziren 3 musikari proiektu berri
batean murgilduta zebiltzan: Rober Garzia (gitarra), Karmelo Aretxaga
“Melows” (baxua) eta Xabi Oraa de Zumarrraga (bateria) ziren haiek, hain
zuzen. Taldearen azken pieza uda hartan iritsi zen Aitor Uriarte
ońatiarrak, Latzen eta Sen ohia (eta Xabi bateria jotzailearen aspaldiko
laguna) abeslariaren postua hartu zuenean. Hortaz, musikari beteranoez
egituratuta dator UNE.
Taldeak jorratzen duen
musikari dagokionez, UNE ezin da generikoki metal berria bezala ezagutu
izan denaren zakuan sartu, ez da ere pop talde soila ezta ohiko “euskal
rock” taldea. Baina guztietatik dauka pixka bat, nolabait. Taldekideak
eurak “rock indartsua” edo “pop-metal” bezala definitu izan dute UNEren
musika. Afinazio grabeak eta kutsu modernoa aurkezten duten riffak, pop
gisako melodia leunak, oinarri erritmiko sendoa eta Uriarteren ahotsak
osatzen dute UNEren errezeta.
Gauzak horrela, esan gabe doa
azkenaldian gutxi gora behera deskribapen horrekin bat egiten duten talde
ugari sortu direla gure inguruan. Hortaz, zer da zehazki disko hau
erostera bultzatu nauena? ba onartu beharra daukat arrazoi nagusia
mikrofono atzealdean dagoen abeslaria dela. Hori horrela da (eta seguru ez
naizela bakarra izan). Aitor Uriartek azken urteetan burutu duen
ibilbideari erreparatu ezkero (Latzen garaiko metal klasikoa eta SEN aroko
pop-a), beldurrik gabe esan daiteke musikari gipuzkoarra euskal rockak
azken urteetan eman duen abeslari onenetakoa dela. Horrenbestez, beste
edozein talde hasiberrik sor dezakeen mesfidantzaren aurrean, UNEren
abeslariak proiektuari aldez aurretiko berme bat eskaintzen dio (abeslaria
erreferentzia gisa aipatzea ekidinezina bihurtzen den arren, beti ere
UNE “talde” bat dela gogoratuz).
Hala, egitasmo honen berri
duela hilabete askotxo eduki genuen Mila Begiren Azpian zeritzon
lehen singlearen eskutik. Niri behintzat, hasiera baten arraro xamarra
egiten zitzaidan kantua izan zen. Zinez, hamaika entzunaldi behar izan
nituen abesti hori behar bezala digeritu arte. Denborarekin ostera, oso
konposizio gustagarria bezala errebelatu da, Bihotzkadak bigarren
singlearekin gertatu zaidan bezala. Badira ere errazago sartzen diren
kantuak. Hustu Nigan abesti dotorea da, irrati-formuletan bere
tokitxoa aise bereganatzen duena. Itxurak Sorginduta abesti
intentsua da, amorru dosi neurtuez osatua. Musa saiakera
intimistagoa da, eta Zikloak ostera, lan osotik beharbada gehien
gustatu zaidana.
Orokorrean, disko honetako
doinu gehienak kutsu malenkoniatsuaz datoz; Su(rik) Gabe aldiz,
kantu alaiagoa da. Ez preseski letra aldetik, baizik eta musikari darion
baikortasunagatik. Kantuen hitzez ari garela, Hemen abestiak
esangura handiko letra dakar. Bertan “infernu preziatuena edo paradisu
gogorrena” bihur litekeen musikaren munduaz dihardu taldeak. Hartara,
kantu honek zuzenean oso funtzionatu dezake, Giza Natura kantuak
bezala. Balizko Errotak eta Sekretua konposizioek zarratzen
dute lana. Biak ala biak, kantu dotoreak; non Aitorren interpretazioak
ororen gainetik nabarmentzeko abagunea izango duen behin baino gehiagotan.
Estreinako disko hau dela
bide, UNEk arestian aipatzen genuen xedea behintzat lortu egiten duela
esan daiteke. Hau da, pop-rocka eta (azken belaunaldiko) metalaren artean
dagoen kantu bilduma hau nolabaiteko ihesbide bihur daiteke.
Deskonektatzeko lagungarri diren abesti dotoreak, sentikorrak, intentsuak…
dira oro har (“emozionalak” esango luke norbaitek). Berehala asetu
beharrean, entzunaldiak aurrera doazen heinean, gero eta zuku gehiago
atera ahal zaizkien piezak. Ea orain lan honek etorkizunean jarraipena
duen. Bitartean, behinik behin, debut itxaropentsua dakarkigute mahai
gainera. |