|
Horren
azkar lehen lana kaleratzea pozgarria behar du izan
ezta? Bai, beti
ere norberaren lana ezagutzera ematea gauza polita da. Diskoa
urtarrilean grabatua dago, maketa grabatu genuen leku berean,
Ondarroako Santos Records estudioetan. Hasiera batean, Oihukarekin
data horietan kaleratu asmoz ibili ginen, hala ere gauza bategatik
edo beste bategatik atzeratu egin da. Zain egon beharra izan dugu,
baina taldean ere aldaketaren bat izan da eta guztioi ondo etorri
zaigu. Oso pozik gaude.
Taldea berria izanik nahiz eta aurpegi ezagun bat izan,
nola laburbildu liteke UNEren orain arteko
bidaia? UNE
denborarekin forma hartzen joan den taldea da, jende ezberdina pasa
da bertatik eta guztiek zerbait utzi dute. Hala ere, 2005 urte
hasierarako, taldearen musika finkatu zela esan daiteke. Diskoan
parte hartu dute eta taldekide izan dira Ruben (Apnea…), Jaime
(Psychophony, Afrika, Urgabe…) eta hainbat talderentzat lanak eginda
dagoen Gaizka (Sorkun, Etsaiak…).
Eta
zeintzuk osatzen duzue taldea? Nahiz eta taldearen ardatza bere
horretan segi, Ruben-ek (gitarra) Bartzelonan soinu ikasketak egitea
eta Jaimek (baxua) Madrilen abentura musikal berria burutzea erabaki
zuten. Jaimeren ordez baxuan “Melows” (Bulldozer, Zurkaitz,
PiLT-en ordezko
gisa ibilia...) eta UNE laukote bilakatu zen. Rober Garzia
(gitarra), Xabi Oraa de Zumarraga (bateria), Karmelo Aretxaga
“Melows” (baxua) eta Aitor Uriarte
(ahotsa).
Zer esan
nahi du “Une Nare Eza” terminoak? Guztia
hain azkar doakigun gizarte honetan, askotan norberarentzako uneak
ere beharrezkoak izan ohi dira. Ihesbideak musikarekin edo lagun
artean aurkitu ohi ditugu eta horrela islatu nahi izan dugu
taldearen izenean: UNE = Une Nare Eza (beste era
batera esanda: momentu trankilen
falta).
Bestalde,
azken hilabeteetan grabatu dituzuen bi bideoklipekin taldea ezagun
bilakatu duzue. Zer dela eta bideoklipei emandako
garrantzia? Horrela
suertatu da. Apirilean “Bihozkadak” kantua aurkeztean Oihukako
Juanmaren bitartez bideoklip bat grabatzeko aukera eskaini ziguten
eta bi aldiz pentsatu gabe onartu genuen; diskoan joango den CD Rom
ikusgarri bat ere egin dute. Hala ere, taldeak bideoklip bat genuen
buruan eta abuztuan “Hemen” kantuaren bideoklipa grabatu dugu
Bilboko Santana 27 aretoan jendearen aurrean, giro polita izan zen
bertan.
Merkatuan
agertzeko aukera Oihuka diskoetxe ezagunak eman dizue. Latzen
taldearekin ere antzerako gauza bat gertatu zen. Nahiz eta zenbait
ezberdintasun egon. Latzenek lortu zuen arrakasta lortzerik?
Bai,
badirudi Oihukak Latzenekin asmatu zuela. Euskal Herriko rockaren
mundua aldatu den arren, oraindik diskoetxeek xede berdina dutela
pentsatzen dut. Nolanahi ere, Arrakasta guztiontzat ezberdina izan
daiteke. Guretzat arrakasta kontzertu batean ondo egitea edota
norberan diskoa entzutean arro sentitzean datza, baina normalean,
azkenean, era batera edo bestera dena lotuta doa.
Lehenik
Latzenekin egin zenuen aurrera. Ondoren
taldea banandu eta Sen taldea osatu zenuen. Aldaketa
nabarmena. Orain iraganeko bi taldeen hibrido batean barneratu
zarela esan daiteke. Nola ikusten duzu
zuk? Bai, ados
nago. Latzen eta Sen-ek ez zuten inolako antzik eta biek betetzen
ninduten. Hala ere, Sen-ekin, batzutan erregistro batzuk faltan
botatzen nituen eta alde horretatik UNE-k ahotsarekin joku gehiago
ematen dit. Behar bada, Sen pop-rock kontenitua zen eta UNE pop-rock
askeagoa Metal puntu batekin. Gainera kontzertuetarako gitarra ere
alde batera utzi dut eta askeago sentitzen naiz.
Metal
doinuetatik pop rockera. Orain berriz ere doinu gogorretara. Tximak
beti luzatzen dira ala? Sen
taldearen garaian ere barrenean Heavy bat nintzela esaten zidaten
txantxetan eta behar bada horrela izango zen
(barreak)
Diskoan
barneratuz, zenbat abesti ditu eta zer aurki daiteke kantu
horietan? Hamaika
kantu eta apur bat denetik. Kantuen denboratan ez dago aldaketa
handirik, baina kantu suabeagoak eta gogorragoak aurki ditzakegu.
Adibidez, orain aurkeztuko dugun bigarren aurrerapena “Hemen”,
“Bihozkadak” lehenengo aurrerapenarekin alderatuz, gordinagoa da,
kontzertuetan disfrutatzen diren horietakoa, kantu sakonagoak ere
badira.
Zuk idatzi
dituzu abestien hitzak. Zein mezu helarazi nahi izan
duzu? Normalean
musika entzunez gairen bat etortzen zait burura, gehienetan
momentuan bizi ditudan kezkak, ikuspuntuak… baina fikziozko
pasarteak ere idazten ditut buruan.
Musikalki,
aurrerago aipatu bezala rocka eta metalaren arteko zubian koka
daiteke UNE. Azkenaldian dezente hedatu den musika da. Doinu sendoak
eta paisaia zein ahots melodiakoak. Formula
gustagarria? Gustagarria ez dakit, baina niri gustatzen
zait. Egia esan, ez dut horrelako musika asko jarraitu eta aspaldiko
laguna dudan Xabi taldeko bateriaren bitartez musika hau gehiago
ezagutu dut. Bizitzako edo eguneko momentu bakoitzean joera musikal
jakin bat izan dezakegu, baina niri, ona bada edo iristen bazait,
edozein musika gustatu ahal zait.
Abestiko
kantuekin batera aipaturiko bi bideoklipak gehitu dituzue. Beti ere
musika baina zerbait gehiago eskaintzearen
alde? Kontzertuetan bai, diskoan horrela suertatu
da. Hala ere, euskarri berean taldeari buruz zenbat eta gehiago eman
beti hobeto, ez? Diskoan, musikaz gain CD Rom bat joango da
“Bihozkadak” bideokliparekin, taldearen argazkiak… “Hemen”
bideoklipa beste gauza batzuekin batera UNEren web orrian aurkitu
ahal izango da laster jadanik martxan den www.unekin.com
helbidean.
Diskoa
kaleratu ahala zeintzuk dira taldearen helburu
nagusiak? Taldearen
musika zuzenean jendaurrean erakustea.
Aurrera
begira ibilbideari segida emateko asmoa? Unean UNE.
*Oharra: Entzun!
aldizkarian argitaratutako
elkarrizketa.
|